Política de privacidad de datos.

A los efectos de lo dispuesto en la Ley Orgánica 15/1999, de 13 de diciembre, de Protección de Datos de Carácter Personal, YOIGO les informa de que los datos personales proporcionados serán incorporados en ficheros automatizados de datos de carácter personal creados por y bajo la responsabilidad de YOIGO, con la finalidad de tramitar su duda o sugerencia. Asimismo les informamos que pueden ejercitar en cualquier momento los derechos de acceso, rectificación, cancelación y oposición previstos en la legislación vigente, dirigiéndose por escrito al domicilio social de YOIGO, Xfera Móviles, S.A.U. (Ref. DATOS), Avenida de la Vega, 15, 28108 Alcobendas (Madrid).

X

Tienes que aceptar la
Política de privacidad de datos.

ACEPTARX

¿Todavía no conoces Mi Yoigo app?

Puedes seguir navegando en la versión escritorio.

X
LLÁMANOS GRATIS AL 800 622 234
TE LLAMAMOS

EN YOIGO NO OCULTAMOS NADA, NADA. Y MUCHO MENOS NUESTRA INFORMACIÓN LEGAL.

Aquí tienes todas las condiciones de cada servicio para que no tengas ninguna duda de que en Yoigo decimos la verdad, toda la verdad y nada más que la verdad verdadera.

TELEFONO ETA BANDA ZABAL FINKOAREN ZERBITZUA EMATEKO BALDINTZA OROKORRAK.

1. XEDEA.

Kontratu mugagabe honen bidez, Xfera Móviles, S.A.U. (“YOIGO”) enpresak (IFZ: A-82528548, helbidea: Avda. de la Vega, 15, Alcobendas (Madrid), 28108) Telefono Zerbitzu Finkoa eta Banda Zabaleko Internet Zerbitzua (“Zerbitzua” edo “Zerbitzuak”) emango dizkio Bezeroari.

IP gaineko ahots-teknologia darabilen Telefono Finkoko Zerbitzuaren bidez, Bezeroak deiak jaso eta egin ditzake bere linean, beste zenbait oinarrizko aukera eta zerbitzu osagarrirekin batera.

Banda Zabaleko Internet Zerbitzuak, erabilitako teknologia gorabehera, Banda Zabaleko Interneterako sarbidea eskaintzen du, 24 ordutan, kontratatutako abiaduran, eta beste Zerbitzu osagarri batzuk. Zerbitzuaren ezaugarri teknikoak direla eta, abiadura hori gehieneko abiadura izango da, baina Yoigok ezin izango du Bezeroak kontratatutako abiadura uneoro bermatu.

2. ZERBITZUAK EMATEKO BALDINTZAK.

2.1 Instalazioa eta aktibazioa.

Zerbitzua emateko ADSL linea edo Zuntz Optikoa erabiltzen den araberakoak izango dira Zerbitzua instalatzeko eta aktibatzeko baldintzak. Uneoro erabilgarri dauden azpiegituren arabera aukeratuko da bata edo bestea. Estaldura-esparruak Bezeroen Arreta Zerbitzuan kontsultatu daitezke.

(I) - ADSL-A.
ADSL linea baten bidezko zerbitzuak instalatzeko zenbait pausu bete behar dira: abonatu-begizta desagregatzea, gailuak instalatzea edota zenbaki zaharra Yoigora ekartzea, behar izanez gero. Zerbitzu egokia eman ahal izateko, beharrezkoa denean, Bezeroak bere etxean sartzen utziko die Yoigok izendatutako pertsonei.

Bezeroak adierazten du Banda Zabaleko Internet Zerbitzuaren ezaugarri eta baldintzei buruzko xehetasun guztiak jaso dituela eta, zerbitzu hori jasotzeko, zera eskatzen du berariaz: bere hari-parera (“begizta” izenez ere ezagutzen dena) heltzeko aukera izan dezala Yoigok edo haren enpresa-taldeko enpresek, irismen guztiz desagregatuko nahiz zeharkako irismeneko modalitatean.

Zerbitzua instalatzeko, ondoko ekintzetatik beharrezkoak direnak egingo ditu Yoigok Bezeroaren etxean:

  • Sarearen amaiera-puntu (SAP) bat instalatzea.
  • ADSL/Wifi modem bat instalatzea.
  • Instalatutako ekipoak konektatzea, 1,5 metrora gehienez ere.

Instalazioak egiteko beharrezko ekintzak nahiz instalatu beharreko elementuak aldatu ahal izango ditu Yoigok, Zerbitzuaren une bakoitzeko beharren arabera.

Era berean, Bezeroak adierazten du Yoigok emandako Zerbitzuei buruzko xehetasunak jaso dituela eta badakiela begizta horri dagokionez bere operadorearekin kontratatuak dauzkan zerbitzu guztietatik (Centrex zerbitzuetatik, sare pribatu birtualetik, jauzi-taldetik, lotura-lineatik eta begiztarekiko lotura eskatzen duen beste edozein zerbitzutatik) automatikoki baja ematea dakarrela horrek. Bezeroak baimena ematen dio Yoigori bai bere pareetara heltzeko beharrezko gestio guztiak egiteko bere izenean, bai Banda Zabaleko Internet Zerbitzua emateko bere linean egin beharreko guztiak egiteko. Bezeroa eta lineen titularra bat ez badatoz, haren baimena eskuratu duela adierazten du Bezeroak berariaz.

Bezeroak adierazitako linea desagregatzeari ekingo dio Yoigok, baldin eta linea hori erabiliz kalitate egokiko zerbitzua eskaintzeko bermea baldin badago. Bermerik ez badago, Yoigok pare berri bat instalatuko edo eskatuko du Bezeroaren etxean. Horretarako, Bezeroak berariazko baimena ematen dio Yoigori haren izenean eta haren etxean linea berri baten alta egiteko.

Zerbitzua linearen bidez emateko aukera egonez gero, Yoigok Bezeroaren zenbakia ekarriko du Yoigora, Bezeroak egindako eskaerari jarraiki.

(II) - Zuntz Optikoa.
Bezeroak ez badauka Zerbitzua emateko beharrezko instalaziorik, Yoigok edo haren kontura diharduen beste enpresa batek dagokion instalazioa egin beharko du Bezeroaren etxean. Horretarako, Yoigoko edo hark baimendutako beste enpresa bateko teknikari bat joango zaio etxera Bezeroari, harekin adostutako egunean. Bezeroak berariazko baimena ematen dio Yoigori eta hark izendatutako teknikariei bere etxean sartzeko eta instalazio egokia egiteko behar duten instalazio eta ekipoetara heltzeko. Baimen horren barruan sartzen dira Zerbitzua emateko edo mantentzeko nahiz Ekipoa Bezeroaren etxetik eramateko egin beharreko ekintzak guztiak.

Zuntz Optikoa eraikinean dagoen lekura sartzen utzi beharko dio Bezeroak teknikariari, hura eraikin barruan hedatuta egonez gero.

Zerbitzua instalatzeko, ondoko ekintzetatik beharrezkoak direnak egingo ditu Yoigok:

  • Zuntz Optikoaren kanpoko hariak Bezeroaren eraikineko sarera konektatzea.
  • Kableak ezartzea eraikinaren barrualdean edo fatxadan Bezeroaren etxeraino.
  • Sarearen amaiera-puntu optiko bat instalatzea Bezeroaren etxean.
  • ONT Router Wifi bat instalatzea Bezeroaren etxean.
  • Instalatutako ekipoak konektatzea, 1,5 metrora gehienez ere.
  • Instalazioak egiteko instalatu beharreko elementuak nahiz egin beharreko ekintzak aldatu ahal izango ditu Yoigok, Zerbitzuaren une bakoitzeko beharren arabera.

Bezeroak onartzen du emandako Zerbitzuei buruzko xehetasunak jaso dituela eta, Zuntz Optikoaren kasuan, horrek ez dakarrela Bezeroak Yoigorekin edo beste operadore batekin aldez aurretik kontratatuak dauzkan zerbitzu guztien baja automatikorik. Lehendik daukan ADSL/Internet zerbitzuari eta hari lotutako zerbitzuei eutsi ahal izango die Bezeroak.
Era berean, Bezeroari dagokio aurreko operadorearen ADSL/Internet zerbitzuaren baja kudeatzeko ardura. Bezeroak zerbitzu horretatik baja eman nahi izanez gero, bere aurreko operadorearengana jo beharko du.

ADSL Zerbitzua nahiz Zuntz Optikoaren zerbitzua instalatu eta aktibatzeko garaian, Bezeroak adierazten du Zerbitzua instalatu eta emateko behar diren baimen eta lizentzia guztiak dauzkala. Baimen eta lizentzia horiek eman behar dituztenekiko erantzukizunetatik salbuetsita gelditzen da Yoigo.

Bezeroak Yoigok egin beharreko oinarrizko instalazioa onartzen ez badu, Yoigok Kontratu hau bertan behera utzi ahal izango du berehala, eta ordura arte sortutako gastuak fakturatuko dizkio Bezeroari.

2.2 Banda Zabaleko Internet Zerbitzua.

Banda Zabaleko Internet Zerbitzua uzteak eragina izan lezake Telefono Finkoko Zerbitzuan, eta azken horretatik baja ematea ere eragin lezake. Modem, alarma, telefonogune, igogailu-linea edo telelaguntzako zerbitzuarekiko eta, orokorrean, telefono-linea tradizionalen bidez emandako edozein zerbitzurekiko bateraezintasunak eragin ditzake Zerbitzu honek. Hala, Yoigok ezin du bermatu Banda Zabaleko Internet Zerbitzua aktibatu aurretik instalatutako zerbitzu horien funtzionamendua.

Zerbitzua ADSL bidez ematen bada, Bezeroak onartzen du Yoigok ezin duela bermatu kontratatutako abiadura izango duenik uneoro, zentralarekiko distantzia, linearen kalitatea eta balizko interferentziek abiadura hori moteltzea eragin dezakete eta.

Yoigok ahalegin guztiak egingo ditu kontratatutako ADSL zerbitzuan teknikoki posible den abiadurarik handiena izan dezan Bezeroak.

Oro har, bai Zerbitzua ADSL bidez ematen bada, bai Zuntz Optikoaren bidez ematen bada, Yoigok Bezeroaren esku jarritako ekipoen eta haren terminalaren bidezko konexioa Ethernet-kable bidez egiten denean lortzen da kontratatutako abiadura. Bezeroak Zerbitzura konektatzeko erabilitako gailuaren ahalmenak abiadura moteltzea eragin lezake.

Konektatzeko wifia eta antzeko beste bide batzuk erabiltzen direnean, Bezeroaren gailuko abiadura moteldu egin liteke konektatzeko erabilitako bitartekoak berezkoak dituen ezaugarrien ondorioz. Wifiaren kasuan, Bezeroak jasotzen duen abiadura moteltzea eragin dezakete Yoigoz kanpoko faktoreek: Bezeroaren etxearen egiturak, beste Wifi sareekiko interferentziek, Bezeroak Internetera konektatzeko erabilitako gailuaren ahalmenek, kanpoan edo barruan erabiltzen den eta abar.

Bezeroak jasotako abiadura moteltzea eragin dezaketen Yoigoz kanpoko faktore horiez gain, Yoigok mantentze-lanak eginez gero edo Zerbitzuan etenik izanez gero ere abiadura murriztea gerta liteke.

2.3 Telefono Finkoko Zerbitzua.

Bezeroak Telefono Zerbitzu Finkoa kontratatuz gero, Zerbitzua ADSL zerbitzuari lotutako linearen edo Zuntz Optikoko linearen bidez emango da. Zerbitzuaren konfigurazio teknikoa dela eta, Telefono Finkoko Zerbitzuan baja emateak eragina izan dezake Banda Zabaleko Internet Zerbitzuan, eta azken horretatik baja eman behar izatea gerta liteke.

IP gaineko ahots-teknologia darabilen Telefono Zerbitzuaren bidez, Bezeroak bere lineari dagokion zenbakira egindako deiak jasoko ditu bere terminal finkoan. Horrekin batera, linea horretatik deiak egin ahal izango ditu Bezeroak.

Zerbitzua Zuntz Optikoko linearen bidez ematen bada, aurretik daukan Telefono Zerbitzuari eta hari lotutako zerbitzuei eutsi ahal izango die Bezeroak. Kasu horretan, Bezeroari dagokio aurreko operadorearen ADSL/Internet zerbitzuaren baja kudeatzeko ardura. Bezeroak zerbitzu horretatik baja eman nahi izanez gero, aurreko operadorearengana jo beharko du.

Zerbitzua jaso ahal izateko, bere zenbaki geografikora bideratutako deiak jaso ahal izateko sarean egin beharreko ekintza guztiak egiteko baimena ematen dio Bezeroak Yoigori.

2.4 Zerbitzua aktibatzea.

Telefono Finkoko eta Banda Zabaleko Interneteko zerbitzuak gehienez ere hogeita hamar (30) egun naturaleko epean aktibatuko ditu Yoigok, kontratua sinatzen den egunetik hasita. Bezeroaren etxeko instalazioa egiten bukatzen duen edota lehendik dagoen instalazioa egokia dela egiaztatzen duen egun berean aktibatuko ditu zerbitzuok Yoigok. Aktibazio-epe horri “hasierako konexioa emateko denbora” deritzo, Yoigok indarrean dauzkan kalitate-betebeharrei dagokienez. Hasierako konexioa emateko denborari dagokion konpromiso hori betetzen ez badu, atzeratzen den egun bakoitzeko euro bateko (1) kalte-ordaina emango dio Yoigok Bezeroari, laurogeita hamar (90) euroko gehienezko zenbatekora arte. Beste kasu hauetan, ordea, Bezeroak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango: Yoigori Zerbitzua ematea galarazten dioten kausa teknikoak egonez gero, kablea Bezeroaren etxeko konexio-punturaino eramatea fisikoki ezinezkoa izanez gero edota, Yoigori leporatzekoak ez izanda, Zerbitzua ematea galarazten dioten beste kausa batzuk, ezinbesteko kausak edo Bezeroari leporatzekoak diren kausak, esate baterako.

Yoigok konpromisoa hartzen du aplikatzekoa den indarreko legediak eskatutako kalitate-konpromisoekin bat etorriz emateko kontratatutako Zerbitzuak.

3. ZERBITZUAREN ERABILERA.

3.1 Zerbitzua Baldintza orokorrekin eta indarrean dagoen legediarekin bat etorriz erabiltzeko konpromisoa hartzen du Bezeroak. Nolanahi ere, Yoigok Zerbitzuak Bezeroaren esku jartzen ditu baina soilik haren erabilera pertsonalerako, azken Bezero gisa; horrenbestez, bezeroak hitz ematen du ez dituela zerbitzuak esplotazio komertzialerako erabiliko, ez zuzenean ez zeharka.

3.2 Zerbitzua modu egokian erabiltzeko konpromisoa hartzen du bezeroak. Ahotszerbitzua telefono-elkarrizketetarako soilik erabili ahal izango du, eta ez beste erabilera batzuetarako, hala nola umeak zaintzeko gailu gisa, walkie-talkietarako edo antzekoetarako. Eskatu gabeko mezu komertzialak edo besteren zerbitzariak blokeatzera bideratutako mezuak bidaltzeko ere ezin izango du erabili zerbitzua.

3.3 Bezeroak hilean 120 zenbaki desberdinetara deitu ahal izango du gehienez ere. Kopuru hori gainditutakoan, finko eta mugikor nazionaletarako deiak 14,52 cent/min-ko fakturatuko dira, gehi 20 cent dei-ezarpenagatik.

4. PREZIOA.

Une bakoitzean indarrean dauden eta kontratatutako modalitateari dagozkion tarifak eta kuotak aplikatuko dira. Aplikatuko zaizkion tarifak eta kuotak eta aplikatzekoak diren arauak jakinarazi zaizkio Bezeroari. Kontratatutako tarifa azaltzen duen dokumentu bat entregatu zaio. Guztiak ere hemen kontsultatu daitezke: www.yoigo.com webgunean, 622 telefono-zenbakian (Yoigo saretik deituz gero) edo 622 622 622 zenbakian (beste operadoreen sareetatik deituz gero).

5. FAKTURAZIOA ETA ORDAINKETA.

5.1 Yoigok hilero fakturatuko ditu Zerbitzua jasotzeagatik Bezeroak ordaindu beharreko zenbatekoak, kontratatutako tarifaren arabera.

5.2 Zailtasun-teknikoak direla-eta sortzapena gertatu eta berehala fakturatzea ezinezkoa denean, ondorengo aldietan bidali ahal izango da faktura kobratzeko. Bestalde, Espainiatik kanpoko deiak edo dei-desbideraketak atzerriko operadoreak Yoigori dei edo desbideratze horiei dagokien zenbatekoa jakinarazten dionean fakturatuko dira.

5.3 Lehen fakturan, alta- eta aktibazio-kuotak kobratuko dira, eta instalazio edo mantentzearenak ere bai, hala badagokio. Abonu-kuota mugaeguneratutako hilabete-tarteengatik fakturatuko da, eta kuotaren barne geldituko da sarearen mantentzea Sarearen Amaiera Punturaino, ADSLaren kasuan, eta Sarearen Amaiera Puntu Optikoraino, zuntzaren kasuan.

5.4 Bezeroari aldez aurretik jakinarazita, zor diren zenbatekoen fakturazioa eta kobrantza aurreratu ahal izango ditu Yoigok, kasu hauetan: (I) Bezeroak Yoigok ezarritako kreditu-muga gainditzen badu, (II) Zerbitzua bertan behera gelditzen edo eteten bada edo (III) dena delako arrazoiengatik kontratua azkentzen bada.

5.5 Fakturaren zenbatekoa banku-helbideratzearen bidez ordainduko du Bezeroak edo, hala eskatuz gero, banku-transferentzia bidez, kutxazainean, leihatilan nahiz txartelaren bidez ordaintzeko aukera izango du, halaber.

5.6 Mugaegunean ordaindu ez diren fakturek atzerapenagatiko interesak sorraraziko dituzte: diruaren legezko interesa gehi bi puntu. Horri 6,05 €-ko komisioa (BEZ barne) gehituko zaio, sorrarazitako kudeaketa-kostuengatik.

5.7 Bezeroak faktura xehatua jasotzeko eskubidea izango du, maiatzaren 22ko 899/2009 Errege Dekretuak onartutako Komunikazio Elektronikoetako Zerbitzuen Erabiltzaileen Eskubideen Gutunaren 22.2. artikuluan ezarritako xehetasun-mailarekin. Xehetasun-maila horren ordainetan, Yoigok 1,21 €-ko (BEZ barne) hileko kuota kobratu ahal izango dio Bezeroari. Yoigok hileko kuota hori kobratzea erabakitzen badu, fakturazio xehatua jasotzeari uzteko aukera eman beharko dio Bezeroari, hilabeteko aurrerapenarekin.

5.8 Larrialdiko deiak erantzuteko zerbitzuei dagozkien zenbaki laburretara egindako deiak doakoak izango dira. Indarrean dagoen legediari jarraiki, larrialdiko zerbitzuen zenbakietarako deiak nondik egin diren jakinaraziko die Yoigok zerbitzu horiek ematen dituzten antolakundeei.

5.9 Yoigok faktura elektronikoa prestatuko du hilero, eta Bezeroaren esku utziko du www.yoigo.com-eko Mi Yoigo atalean edo Mi Yoigo aplikazioan. Bezeroak paperezko faktura eskatu ahal izango du edozein unetan, 622 zenbakira deituta edo clientes@yoigo.com-ra email bat bidalita.

6. DESKONEKTATZEKO ESKUBIDEA.

6.1 Nazioarteko deien zerbitzuak eta tarifikazio gehigarriko zerbitzuak deskonektatzeko eskatu ahal izango dio Bezeroak Yoigori, Bezeroen Arreta Zerbitzura joaz.

6.2 Bezeroaren eskaera jaso eta hamar eguneko epean egingo da deskonexioa. Dena den, Bezeroari leporatzekoak ez diren kausen ondorioz, deskonexioa hamar egun horien barruan egingo ez balitz, deskonektatzeko eskatutako zerbitzuari dagozkion kostuak Yoigok ordainduko ditu.

7. ZERBITZUA ALDI BATERAKO BERTAN BEHERA UZTEA.

7.1 Dagokion faktura aurkeztu eta hilabete baino gehiago igarota Bezeroak zor duen zenbateko osoa edo zati bat ordaintzen ez badu, Zerbitzua bertan behera utzi ahal izango du Yoigok, Bezeroari hamabost (15) egun lehenago jakinarazita. Zor den zenbatekoa ordaindu dela egiaztatu ondoko lehenengo lanegunean zehar berrezarriko du Zerbitzua Yoigok, eta 18,15 € arteko (BEZ barne) zenbatekoa kobratuko dio Bezeroari, Zerbitzua berrezartzeagatik.

7.2 Era berean, Zerbitzuari kontratu honetan xedatutakoaren aurkako erabilera emanez gero, edo, 13. klausulari jarraiki, Yoigok eskatutako bermea osatu ezean, Zerbitzua bertan behera utzi ahal izango du Yoigok.

7.3 Zerbitzua bertan behera geldituta ere Bezeroak hileko kuotak ordaintzen jarraitu beharko du. Telefono Zerbitzua aldi baterako bertan behera gelditzeko arrazoia faktura ez ordaintzea bada, larrialdiko irteerako deiak egiteko aukera izango du Bezeroak, bai eta deiak jasotzekoa ere, hartzaileak ordaintzeko deiak edo, atzerrian egonda, mugikorrean jasotakoak izan ezik. Arbitraje Batzordean edo Telekomunikazioetarako eta Informazio Gizarterako Estatu Idazkaritzan, erreklamazioa argitu artean Yoigok ez du zerbitzua bertan behera utziko, baldin eta Bezeroak dagokion zenbatekoa kontsignatu eta dagokion ordainagiria entregatzen badio Yoigori.

7.4 Telefono Finkoko Zerbitzua aldi baterako bertan behera uzteko eskatu ahal izango du Bezeroak, hamabost (15) eguneko aurrerapenez. Horretarako, Bezeroen Arreta Zerbitzuarekin jarri beharko du harremanetan, 11.1. klausulan zehaztutako edozein bide erabiliz. Zerbitzua bertan behera uzteko tarteak ezin izango du hilabete baino laburragoa edo hiru (3) hilabete baino luzeagoa izan. Zerbitzua bertan behera uzteko tarteak ezin izango du laurogeita hamar (90) egunetik gorakoa izan urte natural bakoitzeko. Kasu horietan, Zerbitzua bertan behera gelditzen den aldiari dagokion zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrean (50) murriztuko du Yoigok Bezeroaren abonu-kuota

7.5 Hiru hilabetetik gora egonez gero ordaindu gabe, edo ordaintzeko atzeratzeagatik zerbitzua birritan geldituz gero bertan behera, zerbitzua behin betiko bertan behera utzi eta kontratua indargabetu ahal izango du Yoigok, Bezeroari aldez aurretik jakinarazita.

7.6 Hobekuntzak, konponketak, ekipo-aldaketak eta antzekoak egiteko ere Zerbitzua aldi baterako bertan behera utzi ahal izango du Yoigok, baina etenaldi horiek ahalik laburrenak izango dira eta, ahal dela, kontsumorik txikieneko ordutegian egingo dira.

8. ZERBITZUA ALDI BATERAKO ETETEA.

8.1 Indarrean dauden araudiek kalitateari buruz xedatutako betebeharrak betez emango du bere Zerbitzua Yoigok. Zerbitzu egokia ematen dela bermatzearren, Yoigok 622 telefono-zenbakia eta clientes@yoigo.com helbidea jartzen ditu Bezeroen esku, gertatzen diren gorabeherei erantzuteko.

8.2 Telefono Finkoko Zerbitzuaren aldi baterako etenaldirik gertatuz gero, bere hurrengo fakturan kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du Bezeroak. Zenbatekoa ondorengo bi kopuruen arteko handiena izango da:

  • Etenaldia izan aurreko 3 hilabeteetan etendako Zerbitzuagatik fakturatutako zenbatekoaren batez bestekoa, etenaldiak iraun duen denborarekin proportzionalki banatuta (etendako Zerbitzuak 3 hilabete baino gutxiago badu, egindako kontsumoarekiko proportzionalki kalkulatutako hileko kuota bati legokiokeen fakturaren zenbatekoa hartuko da oinarritzat); edo
  • Etena gertatu den unean indarrean dagoen hileko abonu-kuota bider 5, etenaldiak iraun duen denborarekin proportzionalki banatuta. Kalte-ordaina euro bat (1) baino handiagoa bada, hurrengo fakturan ordainduko da automatikoki.

8.3 Banda Zabaleko Internet Zerbitzuan etenaldirik bada, kalte-ordain gisa zerbitzu horren hileko kuotaren zenbatekoa itzuliko dio Yoigok Bezeroari, etenaldiak iraun duen denborarekin proportzionalki banatuta. Etenaldiak sei ordu baino gehiago irauten badu 08.00 eta 22.00ak artean, kalte-ordaina automatikoki ordainduko da.

8.4 Etenaldia ezinbesteko kausengatik gertatzen bada, Yoigok automatikoki itzuliko ditu abonu-kuotari dagozkion zenbatekoak eta trafikoarekin zerikusirik ez duten gainerakoak, etenaldiak iraun duen denborarekin proportzionalki banatuta.

8.5 Bestalde, ezinbesteko kausak dauden kasuetan izan ezik, Zerbitzuan honako kalitate-maila hau emateko konpromisoa hartzen du Yoigok: Zerbitzu bat eteteko denborari dagokionez, etenaldiak ez duela 48 ordu baino gehiago iraungo fakturaziotarte bakoitzeko. Konpromiso hori betetzen ez bada, Yoigok kalte-ordain hau ordainduko dio Bezeroari: hilabeteko kuota bati dagokion zenbatekoa etenaldiak fakturazio-tartean izan duen iraupenarekin proportzionalki banatuta. Horretarako, zerbitzua berrezartzen den egunaren ondorengo hilabetean, kalte-ordaina jasotzeko eskaria bidali beharko du Bezeroak Yoigoren Bezeroen Arreta Zerbitzura. Kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik badago, hurrengo fakturan deskontu bat eginez ordainduko du Yoigok.

8.6 Aurreko ondorioetarako, Zerbitzuaren etenaldia honela neurtzen da: Zerbitzuak erabilgarri egoteari uzten dion unetik iragandako denborak batuta, hura aktibatu eta berriro ere normal funtzionatzen hasten den arte. Hasierako une hori, bi gertakari hauen arteko lehenengoa izango da: (I) Bezeroak matxuraren berri ematen duen unea, edo (II) Yoigok Zerbitzua osorik edo zati batean etenarazten duen gertakaria erregistratzen duen unea.

8.7 Aurreko konpromiso guztiek eragindako kalte-ordainei dagokienez, Banda Zabaleko Internet Zerbitzuaren hileko kuota hileko kuota osoaren %50 izango da, zerbitzu-pakete bat kontratatu eta pakete horren kuota osoak Zerbitzu bakoitzari (Telefono Zerbitzuari eta Banda Zabaleko Internet Zerbitzuari) egoztekoa zaion zenbatekoa bereizita adierazten ez duen kasuetan.

8.8 Ez da Zerbitzua eteteagatiko kalte-ordainik ordainduko bi kasu hauetan: Bezeroak kontratuaren urraketa larria egiten badu edo Bezeroa indarrean dagoen legediarekin bat etorrita ebaluatutako adostasunik gabeko terminal edo ekipoetara konektatzeagatik sarean izandako kalteek eragin badute etenaldia.

9. EKIPOAK.

Yoigok honako ekipo hauek (hemengo ondorioetarako, Ekipoa) entregatuko dizkio Bezeroari edo, Zerbitzua emateko beharrezko instalaziorik ez badu, ekipo hauek instalatuko ditu haren etxean:

(I) ONT / Router Wifi-a (Zuntz Optikoaren kasuan);
(II) ADSL/Wifi modema (ADSLaren kasuan);
(III) Behar izanez gero, sarearen amaiera-puntu (SAP) bat, ADSL-instalazioetan;
(IV) Sarearen amaiera-puntu optiko (SAPO) bat, Zuntz-instalazioetan;
(V) Kable-sarea, kontratazio-baldintza orokor hauetan azaldutako mugekin;
(VI) Zerbitzu egokia emateko Yoigok Bezeroari entregatutako beste edozein ekipo, periferiko edo gailu.

Zerbitzua emateko Yoigok Bezeroari entregatutako eta haren etxean instalatutako Ekipoaren ezaugarri teknikoak aldatu egin litezke. Aldaketa horien berri emango zaio Bezeroari gure webgunearen eta Bezeroen Arreta Zerbitzuaren bidez. Yoigok Bezeroaren esku jarritako Ekipoak konfiguratuko ditu Yoigok edo haiek konfiguratzeko jarraibideak emango dizkio Bezeroari. Bezeroak aukera horri uko egin ezean, Yoigok bigarren kanal independente bat sortu ahal izango du Zerbitzua ematen duen Ekipoan, kontratatutako Zerbitzuaren kostua handitu edo haren kalitatea kaltetu gabe, bestelako zerbitzu osagarriak eskaintzeko: banda zabaleko Internet-a beste inorekin partekatzea, adibidez. Horrek ez du eraginik izango eta ez du motelduko Bezeroak bere Banda Zabaleko Internet Zerbitzurako kontratatutako abiaduran. Partekatze hori nahi duenean desaktibatu ahal izango du Bezeroak, Yoigoren Bezeroen Arreta Zerbitzura joaz.

Ekipoa lagapen/alokairu-erregimenean uzten dio Yoigok Bezeroari, Yoigok berariaz besterik ez badio behintzat. Ekipoa ondo erabiltzeko eta hura ez manipulatzeko ardura dauka Bezeroak.

Yoigo arduratuko da utzitako Epikoa mantentzeaz eta matxuratuz gero ordezkatzeaz.

Yoigok hala eskatuz gero edo, bestela, Zerbitzuan baja eman eta hilabeteko epean, Bezeroak Ekipoa itzuli beharko dio Yoigori, erabilpen- eta kontserbazio-egoera onean.

Epe horren barruan Ekipoa itzultzen ez badu, Kontratuaren karatulan zehaztutako zenbatekoa ordaindu beharko dio Bezeroak Yoigori.

Yoigok software edo ekipo autoinstalagarririk entregatuz gero, Yoigok emandako instalazio-jarraibideak bete beharko ditu Bezeroak. Yoigok ez du inolako bermerik ematen, ez esplizitu edo inpliziturik, instalazioarekin laguntzeko softwareen gainean, eta ez du inolako erantzukizunik hartzen software horiek exekutatzearen ondorioz Bezeroaren sistema informatikoan (konfigurazioan, softwarean edota hardwarean) nahiz haren sisteman gordetako dokumentu elektroniko eta artxiboetan gerta litezkeen kalte edo eraldaketengatik.

Zerbitzua emateko Bezeroari utzitako Ekipoetan izandako matxurak konponduko ditu Yoigok, eta bere gain hartuko du haien kostua, Bezeroari leporatzekoak ez diren kausengatik gertatu badira.

Ekipoan matxurarik izanez gero edo Zerbitzua gaizki dabilela ikusiz gero, Bezeroak Yoigoren arreta teknikoko zerbitzura jo beharko du, Bezeroen Arreta Zerbitzura deituta.

10. DATUEN BABESA.

10.1 Kontratu honetan emandako datu pertsonalak eta kontratu-erlazioaren garapenean zehar Yoigok eskuratzen dituen datuak Yoigoren jabetzako fitxategietan gordeko dira. Fitxategi horiek Datuak Babesteko Espainiako Agentzian daude erregistratuta. Datu pertsonalok honetarako erabiliko ditu Yoigok: Zerbitzua (eta, halakorik balego, Balio Erantsiko Zerbitzuak) emateko eta kudeatzeko, eta kontratatutako zerbitzuen eguneratze edo hobekuntzari buruzko mezuak bidaltzeko.

10.2 Alta-kontratuan dagokion laukia berariaz markatu ezean, Bezeroak:

  • Bere datu pertsonalak erabiltzeko baimena ematen dio Yoigori, honek bere produktu eta zerbitzuen merkataritza-ekintzak nahiz publizitate-sustapenak egin ditzan.
  • Bere datu pertsonalak erabiltzeko baimena ematen dio Yoigori, honek besteren bere produktu eta zerbitzuen merkataritza-ekintzak egin ditzan.
  • Bere trafiko, fakturazio eta nabigazioari buruzko datuak erabiltzeko baimena ematen dio Yoigori, merkataritza-sustapenei buruzko informazioa eskain diezaion.
  • Bere datu pertsonalak bere Taldeko enpresen esku uzteko baimena ematen dio Yoigori, honek Zerbitzua garatu eta hobetzeko ekintzak edo bere produktu eta zerbitzuen merkataritza-ekintzak egiteko. Telekomunikazio-zerbitzuak ematen dituzten enpresek osatutako Talde baten barruan dago Yoigo.

Trafiko-datuok eskatutako balio erantsiko zerbitzuak emateko erabili ahal izango ditu Yoigok, haiek emateko behar den denboran eta neurrian, eta Bezeroak edozein unetan eskatu ahal izango du zerbitzuok desaktibatzeko.

Bezeroaren trafikoari buruzko datuak modu anonimo eta agregatuan erabili ahal izango ditu Yoigok, estatistikak osatzeko eta sarearen egoera eta funtzionamendua zertan den jakiteko, haren kudeaketa eraginkorra bermatu eta aukera berriak eskaintzeko helburuz.

10.3 Bezeroak nahi duenean ezeztatu ditzake baldintza orokor honetan emandako baimenak, eta indarreko legeek jasotako sarbide-, zuzenketa-, baliogabetze- eta aurkaritza-eskubideak edozein unetan gauzatzeko eskubidea dauka. Horretarako idatzi bat (Avda. de la Vega, 15, 28108, Alcobendas, Madrid) edo email bat (datospersonales@yoigo.com) bidali beharko du Yoigora, NANaren edo agiri baliokide baten kopia bat erantsita, haren identifikazioa ziurtatzeko.

10.4 Bezeroaren datu pertsonalak isilpean gordetzeko betebeharra dauka Yoigok, eta dagozkion neurriak hartuko ditu datu horiek aldatu, galdu, erabili edo baimenik gabe eskuratzen ez direla bermatzeko, indarreko legeek ezarritako betebeharrekin bat etorriz betiere.

10.5 Yoigok Bezeroaren kaudimena egiaztatu ahal izango du, bere kasa nahiz bere kontu eta interesera diharduen beste inoren bidez. Scoring-prozedura automatikoak nahiz ondare-kaudimenari eta kredituari buruzko fitxategi komunak erabiliko ditu horretarako (zerbitzuok indarreko legeekin bat etorriz ematen duten enpresen bidez betiere). Bezeroak emandako datuak zuzenak direla egiaztatzeko ere erabili ahal izango ditu halakoak. Bezeroak baimena ematen du, bai estatistikak osatzeko bai bere kaudimena ebaluatzeko, bere kaudimen finantzarioari buruzko datuak erabili eta gordetzeko. Kontratua sinatzen ez bada ezabatu egingo dira datuok. Era berean, kontratuan aurreikusitako moduan, Yoigorekin dituen betebehar ekonomikoak unean-unean betetzen ez baditu, Yoigok bere identifikazio-datuak, eta ordaintzeke dagoen zergari buruzko datu guztiak, ondare-kaudimenari eta kredituari buruzko informazio-zerbitzuak ematen dituzten erakundeen esku uztea onartzen du Bezeroak, indarreko legediak ezarritakoarekin bat etorriz betiere.

10.6 Kontratazio-eskaera honetan jasotako datuak Sistema Hunter izeneko fitxategian gordeko direla jakinarazten dio Yoigok bezeroari. Espainiako Iruzurraren Aurkako Enpresen Elkartea da fitxategi horren arduraduna. Eskaeretan iruzurrak saihesteko erabiltzen den Sistema Hunter fitxategian jasotako telefonia-zerbitzuen eskaeretako datuekin alderatuko dira datuok, zerbitzua onartzeko prozesuaren baitan iruzurrezkoa izan litekeen informazioa hautemateko helburu bakarrarekin. Okerreko, osatu gabeko edo arauz kontrako daturik hautemanez gero, eskaera zorrotzago aztertuko da, eta datuok hala sailkatuko dira fitxategian. Sistema Hunter-era atxikitako erakundeek —finantza-alorrekoak, txartelak luzatzen dituztenak, ordainketa-bitartekoak kudeatzen dituztenak, telekomunikazio-alorrekoak, renting-enpresak, aseguru-etxeak, zorra erosten dutenak, eraikuntza-enpresak, argi- eta ur-hornitzaileak, aldiroko fakturazioko nahiz ordainketa geroratuko enpresak— datu horiek kontsultatzeko aukera izango dute, lehenago aipatutako helburuetarako.

Sistema Hunter delakora atxikitako erakundeen zerrenda Espainiako Iruzurraren Aurkako Enpresen Elkartearen webgunean dago eskuragarri: www.asociacioncontraelfraude.org.

Bezeroak sarbide-, zuzenketa-, baliogabetze- edo aurkaritza-eskubideak erabili ahal izango ditu edonoiz, Espainiako Iruzurraren Aurkako Enpresen Elkarteara joaz. Horretarako, bere eskaria sinatuta bidali beharko du, bere nortasun-agiriaren fotokopia batekin batera, honako helbide honetara: Apartado de correos 2054, 28002 Madrid.

10.7 Bezeroak bere datu pertsonalak abonatu-gidetan sartzeko eskatuz gero, Yoigok Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinaraziko dizkio datuok, gidak egiten dituzten enpresen eta informazio- edo kontsulta-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen esku jar ditzan.

11. BEZEROEN ARRETA.

11.1 Bezeroak informazioa jaso ahal izango du Zerbitzuari buruz nahiz edozein gorabeherari buruz, Bezeroen Arreta Zerbitzuaren bidez: 622 telefono-zenbakian (Yoigo saretik deituz gero), 622 622 622 zenbakian (beste operadoreen sareetatik deituz gero) eta www.yoigo.com webgunean. Posta bidez ere jar daiteke harremanetan Bezeroen Arreta Zerbitzuarekin: Xfera Móviles, S.A.U., Atención al Cliente, Avda. de la Vega 15, 28108 Alcobendas (Madrid) helbidera nahiz clientes@yoigo.com-ra idatzita.

11.2 Emandako Zerbitzuari buruzko erreklamaziorik aurkezteko, Bezeroak Yoigorengana jo beharko du, aurreko paragrafoan zehaztutako bideetako bat erabiliz, bere erreklamazioa eragin duen gertakariaren berri izan eta hilabeteko epean. Erreklamazioa jasotzen duenean, erreklamazioari dagokion erreferentzia-zenbakia emango dio Yoigok Bezeroari, bai eta erreklamazioa aurkeztu izana eta haren edukia egiaztatzen dituen dokumentu bat, hala eskatuz gero.

11.3 Erreklamazioa aurkeztu eta hilabeteko epean Yoigoren aldetik ez badu erantzun egokirik jasotzen, Bezeroak Arbitraje Batzordera eta Telekomunikazioetarako eta Informazio Gizarterako Estatu Idazkaritzara zuzendu ahal izango du bere erreklamazioa, aplikatzekoa den legedian finkatutako baldintzetan. Horrek ez du galarazten Bezeroak auzitara jotzeko duen eskubidea.

12. KONTRATUA ALDATZEA.

12.1 Kontratuko datuetan aldaketarik izanez gero, Bezeroak Yoigori aldaketa hori jakinarazteko konpromisoa hartzen du, fakturatzeko helbideari eta ordainketak helbideratzeko banku-kontuari dagokionez bereziki, kontratu honetatik eratorritako betebeharrak behar bezala betetzeko ezinbesteko datuak diren aldetik.

12.2 Bezeroari hilabete lehenago jakinarazita, Yoigok kontratu hau aldatu ahal izango du, kontratuaren edukia legeetan, teknologia-alorrean nahiz telefonia-merkatuan izandako aldaketetara egokitzeko. Proposatutako aldaketarekin ados ez badago, kontratua bertan behera utzi nahi duela jakinarazi ahal izango dio Bezeroak Yoigori.

13. BERME-GORDAILUAK.

13.1 Kontratu honetan jasotako betebeharrak betetzen direla bermatzeko, Bezeroari berme bat eratzeko eskatu ahal izango dio Yoigok edozein unetan. Kasu horretan, Bezeroak ordainik gabeko gordailu bat eratu beharko du, eskudirutan eta 150 € arteko zenbatekoan. Era berean, Bezeroari kreditu-muga bat finkatu eta tarifa altuagoko zerbitzuak, tarifikazio osagarria edota nazioarteko zerbitzuak erabiltzeko aukera mugatu ahal izango dizkio Yoigok, ondorengo baldintza hauetakoren bat betez gero:

  • Bezeroak ordainagiri bat edo gehiago ordaindu gabe edukitzea, berandutzak irauten duen bitartean.
  • Beste abonu-kontratu bat(zu)engatik zorrak izatea, kontratua(k) indarrean egon ala ez, edo behin eta berriro atzeratzea ordainagiriak ordaintzeko garaian.

13.2 Eskatutako bermerik eratzen ez bada, Zerbitzuan alta emateko eskariari muzin egin, Zerbitzua eten eta kontratua bertan behera utzi ahal izango du Yoigok.

13.3 Ordaindu gabeko zorrak izanik, Bezeroak kontratua bertan behera uzteko edo titularra aldatzeko eskatuz gero, Yoigok bermea exekutatu ahal izango du, Bezeroak zor duen kopuru osoa kenduta bermearen zenbatekoari. Gelditzen den zenbatekoa Bezeroaren esku geldituko da.

13.4 Bermeak sortu eta gehienez ere 4 hilabeteko epean itzuliko dizkio Yoigok Bezeroari, baldin eta honek ez badu fakturarik zor.

14. KONTRATUA BERTAN BEHERA GELDITZEA ETA LAGATZEA.

14.1 Kontratuak azkentzeko kausa orokorrengatik azkenduko da kontratu hau eta, bereziki, ondoren adierazitako kausengatik:

  • Bezeroak hala erabakita. Kontratua indarrean sartzeko eguna baino 2 egun lehenago arte dauka Bezeroak Yoigori erabaki horren berri emateko.
  • Yoigok hala erabakita. (I) Bezeroak Kontratu honetan adierazitakoaren kontra erabiltzen badu Zerbitzua, edo (II) hiru hilabete baino gehiago atzeratzen bada Zerbitzua ordaintzen edo, ordaintzen atzeratzeagatik, Zerbitzua birritan eteten badiote.

14.2 Kontratu hau azkentzeak ez du Bezeroa inolaz ere salbuesten Zerbitzua erabiltzeagatik Yoigorekin dauzkan zorrak ordaintzetik.

14.3 Kontratu honetan jasotako eskubide eta betebeharrak bere enpresa-talde bereko beste enpresa bati laga ahal izango dizkio Yoigok, Bezeroari hilabete lehenago jakinarazita. Erabaki horrekin ados ez badago, kontratua bertan behera utzi ahal izango du Bezeroak, 14.1, artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

15. APLIKATU BEHARREKO LEGEDI ETA ARAUBIDE JURIDIKOA.

Bezeroaren eta Yoigoren arteko erlazio juridikoa kontratu honi eta Espainiako legediari lotuta dago.

IRAUNKORTASUN-BALDINTZA PARTIKULARRA.

Yoigok Instalazio-kostuetan Bezeroari egindako deskontua (“Instalazio-kostuaren deskontua”) dela eta, instalazio-lanak hasita daudelarik Bezeroak eskaera bertan behera uzten badu, helbidea aldatzeko eskatzen badu kausa teknikoak direla-eta Yoigok Zerbitzua eman ezin duen esparru geografiko batera edota, Alta Kontratuan finkatutako iraunkortasun-aldiaren barruan, baja eman edo kontsumo-konpromiso txikiagoa duen prezio-plan batera aldatzen bada, bete ez duen iraunkortasun-tarteari dagokion deskontuaren zati proportzionala itzuli beharko dio Bezeroak Yoigori.



PARA LEYES LAS DE TU MADRE.